Aspaldiko ZiSarekideok!!

Udara aurretik gure berririk izan ez baldin baduzue ere, lanean ibili gara!

Aurreko ikasturtean sortutako hondakinak konpost nola bihurtu diren ikusi dugu hustuketa tailerrak burutuz. Ikastetxe bakoitzaren erritmoa ezberdina denez, oraingoan Txingudiko ikastolan, Talaiako lehen hezkuntza zein bigarren hezkuntzan eta Egiluze ikastetxean izan gara.

Guztira 123 kg konpost lortu ditugu!

Eta konpost guzti horrekin orain zer???

Ba esperimentu bat jarri dugu martxan! Aurrerago izango ditugu erantzunak…

Ikasle berriekin formakuntza saioak ere egin ditugu, eta baita laborategi tailerrenbat ere.

Hau martxan da berriro!

Lan handiaren emaitzak

Aspaldian ezer idatzi ez badut ere ez da lanik egin ez dugunaren seinale!! Hilabete hauetan burubelarri ibili gara guztiok konpostaren munduan eta emaitzak oso onak izan dira.

Ikasturte honetan 38 laborategi tailer egin ditugu! Ez da zifra makala ez… Denetarik ikusi dugu, bai zomorro artean eta baita ikasleen artean ere jeje. Hasieratik zirrara handia erakutsi dutenak egon dira, hasieran beldurti eta amaieran ausart jokatu dutenak eta baita nazka gainditu ezin izan dutenak ere.

Bada dibertsitatea gure geletan ere!

Eguzkitza ikastetxean urte batzuen ostean eta pronostiko guztien aurka konpostagailuaren hustuketa egin genuen. Lehen mailakoak eta ZIG gela gustura ibili zen lanean, horrela jakinarazi zidaten behintzat. Datorren ikasturtean ikastetxean bertan duten baratzean erabiltzeko konposta lortu zuten eta baita ikasturte osoko lanaren emaitza ikustea ere.

Azkenik, ikasturte honetan tailer berri bat aurkeztu da eta Txingudiko 6. mailakoak izan dira egitera ausartu diren lehendabizikoak.

Ikasturte osoan konposta gora eta behera hitz egiten, aztertzen eta ikasten gabiltza.

Baina hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua bada!

Konpostaren erabilera nolakoa izan beharko litzatekeen aztertzeko esperimentu bat planteatu da. Garaiko eta bertako landareak konpost eta lur proportzio ezberdinetan landatu dira, datuak hartu eta datozen asteetan landareak nola eboluzionatzen duen aztertuko da. Txingudin marrubiak landatu genituen, eta lastima handiz talderen batek ikasturte amaieran ez duela marrubirik probatuko aurreikusten dut… Baina tira, ez zaio sekula zenbat konpost erabili behar EZ duen ahaztuko!

Hustuketa Elatzetan!

Goizean goiz isiltasuna nagusi zen Elatzeta eskolako baratzean… ikasleak iritsi diren arte! Gaurkoan 6. mailakoek saio berezia izan dute. Aurreko ikasturtean konpostagailuan isurketak egiteko lana hartu zuten eta udarako oporretatik bueltan erabat ezberdin topatu dute heuren konpostagailua!

Gaurkoan ez ditugu topatu platano edo mandarina azalak, ezta sagar puskak ere… Askoz atseginagoa izan da!!!

Lan guztiak du bere ordainsaria!

Hasiera batean izan duten zikintzeko beldurra berehala bihurtu da gogoan… Gurasoren bat agian gaur nitaz oroituko da… baina merezi izan du. Begira nola ibili diren!!!

Hustuketa Txingudi Ikastolan

Otsailaren 8an, eguraldia lagun, Txingudi Ikastolako 5.mailako ikasleek konpostagailua hustu zuten. Haiek lan egiten zuten bitartean, 1. eta 3.mailako ikasleak gerturatu ziren konposta zer den ezagutzera eta hemendik urte batzuetara egin beharko duten lana ikustera!

Lan bikaina egin zuten 5.mailakoek. Guztira, 60 kilo konpost atera ziren konpostagailutik, eta horietatik 20 kilo, bahetuta. Begira ezazue bideoa eta ikusi zeinen ongi egin zuten lan!

Zorionak eta jarraitu horrela lanean!