Udara aurretik gure berririk izan ez baldin baduzue ere, lanean ibili gara!
Aurreko ikasturtean sortutako hondakinak konpost nola bihurtu diren ikusi dugu hustuketa tailerrak burutuz. Ikastetxe bakoitzaren erritmoa ezberdina denez, oraingoan Txingudiko ikastolan, Talaiako lehen hezkuntza zein bigarren hezkuntzan eta Egiluze ikastetxean izan gara.
Guztira 123 kg konpost lortu ditugu!
Eta konpost guzti horrekin orain zer???
Ba esperimentu bat jarri dugu martxan! Aurrerago izango ditugu erantzunak…
Ikasle berriekin formakuntza saioak ere egin ditugu, eta baita laborategi tailerrenbat ere.
Aspaldian ezer idatzi ez badut ere ez da lanik egin ez dugunaren seinale!! Hilabete hauetan burubelarri ibili gara guztiok konpostaren munduan eta emaitzak oso onak izan dira.
Ikasturte honetan 38 laborategi tailer egin ditugu! Ez da zifra makala ez… Denetarik ikusi dugu, bai zomorro artean eta baita ikasleen artean ere jeje. Hasieratik zirrara handia erakutsi dutenak egon dira, hasieran beldurti eta amaieran ausart jokatu dutenak eta baita nazka gainditu ezin izan dutenak ere.
Bada dibertsitatea gure geletan ere!
Eguzkitza ikastetxean urte batzuen ostean eta pronostiko guztien aurka konpostagailuaren hustuketa egin genuen. Lehen mailakoak eta ZIG gela gustura ibili zen lanean, horrela jakinarazi zidaten behintzat. Datorren ikasturtean ikastetxean bertan duten baratzean erabiltzeko konposta lortu zuten eta baita ikasturte osoko lanaren emaitza ikustea ere.
Azkenik, ikasturte honetan tailer berri bat aurkeztu da eta Txingudiko 6. mailakoak izan dira egitera ausartu diren lehendabizikoak.
Ikasturte osoan konposta gora eta behera hitz egiten, aztertzen eta ikasten gabiltza.
Baina hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua bada!
Konpostaren erabilera nolakoa izan beharko litzatekeen aztertzeko esperimentu bat planteatu da. Garaiko eta bertako landareak konpost eta lur proportzio ezberdinetan landatu dira, datuak hartu eta datozen asteetan landareak nola eboluzionatzen duen aztertuko da. Txingudin marrubiak landatu genituen, eta lastima handiz talderen batek ikasturte amaieran ez duela marrubirik probatuko aurreikusten dut… Baina tira, ez zaio sekula zenbat konpost erabili behar EZ duen ahaztuko!
Ikasturtea atzo hasi zela dirudien arren konturatzerako Gabonetako oporrak iritsi dira. Denbora abiadura azkarrean aurrera doa, baina, ez gara eskuak gurutzatuta egon, lan handia egin dugu hilabete hauetan!
Laborategi tailerrek arrakasta itzela izan dute, Egiluzen, Elatzetan eta Eguzkitza ikastetxeetan ibili gara konpostagailu barruan bizi diren ornogabeak aztertzen.
Martxoa erdialdean Toki Alai BHI-ko 1.mailako ikasleekin egin genuen laborategi tailerra, guztira 6 talde. Horretarako institutuko laborategia prestatu eta mikroskopioen laguntzarekin aurkitutako zomorroak identifikatu ahal izan zituzten.
«Ez genuen espero hainbeste zomorro desberdin aurkitzea, biodibertsitate handia dago gure konpostagailuetan!!!»
«Hasieran nazka ematen zidan, baina gero oso interesgarria iruditu zitzaidan. Benetan sinestezina da hain animalia txikiak existitzea!»
Apirileko lehendabiziko astean aldiz, Elatzetan egon ginen gure konpostagailuko langileak ezagutzen! Nahiz eta hemen laborategirik ez egon, aretoa laborategian bihurtu genuen, eta bikain egin zuten lan LH5.mailako ikasleek.
Hurrengo astean, udaberriko oporrak heldu dira eta jai egun batzuk ditugu aurretik disfrutatzeko, hala ere, gure konpostagailuko langileek lanean jarraituko dute gu oporretan gauden bitartean! Ongi pasa eta bueltan elkar ikusiko dugu!!
Azkeneko asteetan laborategi tailer batzuk egin ditugu.
TALAIA LH
5. mailako gela guztiek egin zuten pasa den martxoaren 10ean laborategi tailerra Talaia eskolan. Begira ezazue bideoa eta ulertuko duzue zenbat gauza interesgarri ikasi zituzten!
EGILUZE
Egiluzeko ikasleak ere ibili ziren konposta aztertzen interes handiarekin!
ZiSaren parte hartzen duten ikastetxeak konpostagailuak elikatzen hasi ziren ikasturte hasieran. Hilabete batzuk pasa ondoren, gure materia organikoa konpost bihurtu da, baina nola liteke posible hori gertatzea?
Txingudi Ikastolako 6. mailako ikasleek, Talaia Institutuko Ingurumen tailerreko DBH 2.mailako eta Zientzia aplikatuetako 4.mailako ikasleek eta Eguzkitza Institutuko DBH1. mailako ikasleek urtarrilean egindako laborategi saioetan aztertu dute konpostajearen prozesuan gertatzen dena eta bertako bizidunak aztertu dituzte!