IKASTURTEARI AGUR… ETA UDARI ONGI ETORRI!!!

2018-19 ikasturtea bukatu egin da dagoeneko, eta aurten, eskualdeko 7 ikastetxek hartu dute parte ZiSare programan. Lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako 600 ikasle inguru arduratu dira hilabete hauetan zehar ikastetxe desberdinetan dauden konpostagailuetaz.

Eta egindako lan guztiaren ondoren… iritsi dira azkenean udako oporrak! Eskolako konpostagailuei ere, atseden hartzeko garaia heldu zaie, baina oporretara joan aurretik konpostagailu guztiei azken oxigenazioa eman zaie eta iraila arte itxi egin dira.

Hurrengo ikasturtean berriz elkar ikusiko dugu!! Ongi izan eta udaz disfrutatu!

 

zizarea

2018-19 IKASTURTEAN ZEHAR EGINDAKO LANAK

Ikasturte amaierara iritsi gara jada, eta ugari eta anitzak izan dira ikasturte honetan zehar egindako lanak:

  • Konposta egiten hasi aurretik, konposta zer den, nola egin eta neurketa zientifikoak egiten ikasteko, formakuntza saioa jaso dute ikasle guztiek ikasturtearen hasieran.
  • Ikastetxe bakoitzak aktibo mantendu du ikasturte guztian zehar konpostagailua, materia organikoz elikatuz eta prozesuaren inguruko hainbat datu jasoz landa-koadernoan.
  • Bigarren hiruhilekoan, prozesuan protagonistak diren ornogabeen azterketa burutu dute ikasleek. Lehendabizi, ornogabeak konpostetik atera dituzte. Ondoren, luparekin begiratu eta gako dikotomikoaren laguntzaz izen zientifikoa jarri diete, eta azkenik, mikroskopio digitalaren bitartez gertu-gertutik ikusi ahal izan dituzte aurkitutako xomorroak eta baita hauen ezaugarriak ezagutu ere.

El pase de diapositivas requiere JavaScript.

  • Konpostaje prozesuak hala eskatuta, zenbait konpostagailu hustu egin dira ikasturtean zehar: Txingudi LH, El Pilar, Toki Alai eta Eguzkitza.

Denon artean lan bikaina egin duzue ikasturte honetan zehar, ZORIONAK!!

2018-19 IKASTURTEKO EBALUAZIO BILERA

Kaixo ZiSarekideak!

Ikasturtea bukatzeko gutxi falta da eta proiektuaren ebaluazioa egin beharra dugu.

Horretarako, alde batetik, ZiSarekide zareten irakasleei ebaluazio-inkesta betetzea eskatu dizuegu, zuen iritzi eta balorazioa ezinbestekoa delako proiektua hobetzen joateko.

Bestalde, datorren ekainaren 20an ikasturte honetako ebaluazio bilera egingo dugula jakinarazten dizuegu eta aurten parte hartu duzuen ikastetxeetako ordezkari guztiak elkartzera gonbidatzen zaituztegu. Hona hemen bileraren inguruko informazio gehiago:

ZiSare 2018-19 ikasturtea – Ebaluazio bilera

  • Eguna: 2019/06/20 (osteguna)
  • Ordua: 10:00etan
  • Tokia: Txingudiko Zerbitzuetako egoitza nagusian,(Olaberria auzoa, 18 – Irun)

 

Azkenik, gogoratu zuen isurketa eta konpostagailuaren inguruko kontrol-datuak helbide honetara bidali behar dituzuela: amaiamonasterio@artelatz.eus Modu honetan denon artean egindako lanaren informazio zehatza lortzen lagunduko duzue.

Besterik gabe, mila esker eta 20an elkar ikusiko dugu.

Ongi izan!