ZiSarek 10 urte bete ditu!

Urte batzuk igaro dira ZiSare proiektua martxan jarri zenetik. Hasiera 2015-16 ikasturtean izan zuen, eta orduztik gorabehera guztien gainetik ikasturte honetan bere indarra erakutsi du.

610 ikasle izan dira ikasturte honetan parte hartu dutenak eta guztiek batera tona pasatxo hondakin bildu dituzte konpostagailuetan; 1.101 kg esaterako. Ikasle bakoitzak 1,8 kg biohondakin gutxiago sortu dituela kalkulatu da. Kontuan izan hondakin horiek jolas garaian bildutakoak soilik direla, pentsa zenbat hondakin organiko sortzen ditugun egunerokotasunean eta era egoki batean kudeatuko bagenitu zenbateko potentzialtzasuna dugun.

Ba al zenekien etxean sortzen ditugun hondakinen % 40a hondakin organikoak direla?

Emaitzen zain…

Ikasturteko azken txanpan gaude eta lanak ere amaitzen ari gara.

Maiatzaren erdialdera Eguzkitza ikastetxean esperimentu bat jarri genuen martxan. Konpostaren erabilera ikasteko eta landareetan duen eragina ikusteko, piperrak landatzen ibili ginen eta ikasturte amaiera arteko eboluzioa aztertuko dute. Bizirik baldin badaude udaran piperrak izango dituzte!!!

Bestalde, aurreko astean Elatzetan 6. mailako ikasleek lehengo urtean bildutako hondakinak konpost bilakatuta ikusi zituzten eta konpostagailua hustu genuen. 36 kg konpost atera zituzten!!!

Ikasturtea amaitzen ari da eta emaitzen ordua da… 4 ikastetxe ezberdinetan ditugu esperimentuak martxan eta horien emaitzen zain nago… Gainera ikasturte osoan zehar biltzen ibilitako datuak ere jasotzen hasia naiz zuen landa koadernoak bilduz. Hau amaitzen ari da!

Pixkanaka aurrera

Urtarrileko kontrola burutu berri konpostagailuek martxan jarraitzen dutela ikusi da, bakoitza bere erritmoan, baina, gelditu gabe. Kurtso hasieran martxan jarritako esperimentuak aurrera doaz, eta gure landareek bizirik jarraitzen dute!! Ea emaitzak laister jasotzen ditugun…

Bestalde, Txingudi ikastolan laborategi saioak burutu ditugu. Gustura aritu dira lanean!

Aspaldiko ZiSarekideok!!

Udara aurretik gure berririk izan ez baldin baduzue ere, lanean ibili gara!

Aurreko ikasturtean sortutako hondakinak konpost nola bihurtu diren ikusi dugu hustuketa tailerrak burutuz. Ikastetxe bakoitzaren erritmoa ezberdina denez, oraingoan Txingudiko ikastolan, Talaiako lehen hezkuntza zein bigarren hezkuntzan eta Egiluze ikastetxean izan gara.

Guztira 123 kg konpost lortu ditugu!

Eta konpost guzti horrekin orain zer???

Ba esperimentu bat jarri dugu martxan! Aurrerago izango ditugu erantzunak…

Ikasle berriekin formakuntza saioak ere egin ditugu, eta baita laborategi tailerrenbat ere.

Hau martxan da berriro!

Lan handiaren emaitzak

Aspaldian ezer idatzi ez badut ere ez da lanik egin ez dugunaren seinale!! Hilabete hauetan burubelarri ibili gara guztiok konpostaren munduan eta emaitzak oso onak izan dira.

Ikasturte honetan 38 laborategi tailer egin ditugu! Ez da zifra makala ez… Denetarik ikusi dugu, bai zomorro artean eta baita ikasleen artean ere jeje. Hasieratik zirrara handia erakutsi dutenak egon dira, hasieran beldurti eta amaieran ausart jokatu dutenak eta baita nazka gainditu ezin izan dutenak ere.

Bada dibertsitatea gure geletan ere!

Eguzkitza ikastetxean urte batzuen ostean eta pronostiko guztien aurka konpostagailuaren hustuketa egin genuen. Lehen mailakoak eta ZIG gela gustura ibili zen lanean, horrela jakinarazi zidaten behintzat. Datorren ikasturtean ikastetxean bertan duten baratzean erabiltzeko konposta lortu zuten eta baita ikasturte osoko lanaren emaitza ikustea ere.

Azkenik, ikasturte honetan tailer berri bat aurkeztu da eta Txingudiko 6. mailakoak izan dira egitera ausartu diren lehendabizikoak.

Ikasturte osoan konposta gora eta behera hitz egiten, aztertzen eta ikasten gabiltza.

Baina hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua bada!

Konpostaren erabilera nolakoa izan beharko litzatekeen aztertzeko esperimentu bat planteatu da. Garaiko eta bertako landareak konpost eta lur proportzio ezberdinetan landatu dira, datuak hartu eta datozen asteetan landareak nola eboluzionatzen duen aztertuko da. Txingudin marrubiak landatu genituen, eta lastima handiz talderen batek ikasturte amaieran ez duela marrubirik probatuko aurreikusten dut… Baina tira, ez zaio sekula zenbat konpost erabili behar EZ duen ahaztuko!

Urteari amaiera emanez

Ikasturtea atzo hasi zela dirudien arren konturatzerako Gabonetako oporrak iritsi dira. Denbora abiadura azkarrean aurrera doa, baina, ez gara eskuak gurutzatuta egon, lan handia egin dugu hilabete hauetan!

Laborategi tailerrek arrakasta itzela izan dute, Egiluzen, Elatzetan eta Eguzkitza ikastetxeetan ibili gara konpostagailu barruan bizi diren ornogabeak aztertzen.

Artista ederrekin topatu gara!

Bagoaz aurrera…

Kurtsoa aurrera doa pixkanaka eta baita gu ere! Ikastetxe guztiek iada formakuntza saioak burutu dituzte eta konpostagailuak prest daude lanean hasteko. Baratzak ere pixkanaka forma hartzen doaz.

Txingudi ikastolako 6. mailako ikasleak aurreko ikasturtean zehar bete zuten konpostagailua hustutzen ibili dira. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere lanean gogotsu ibili ziren, eta jarrera paregabea erakutsi zuten.

Ikusle izan zituzten 4. mailako ikasleak, eta euren eredu izan ziren! Askok aipatu zuten moduan haiek ere oroitzen ziren orain 2 urte zaharragoak lanean ikusi izanaz eta irrikitan zeuden eskuak zikintzen hasteko.

Guztien animo eta lanarekin eguraldi txarrari aurpegi ona jarri genion!

Hustuketa Elatzetan!

Goizean goiz isiltasuna nagusi zen Elatzeta eskolako baratzean… ikasleak iritsi diren arte! Gaurkoan 6. mailakoek saio berezia izan dute. Aurreko ikasturtean konpostagailuan isurketak egiteko lana hartu zuten eta udarako oporretatik bueltan erabat ezberdin topatu dute heuren konpostagailua!

Gaurkoan ez ditugu topatu platano edo mandarina azalak, ezta sagar puskak ere… Askoz atseginagoa izan da!!!

Lan guztiak du bere ordainsaria!

Hasiera batean izan duten zikintzeko beldurra berehala bihurtu da gogoan… Gurasoren bat agian gaur nitaz oroituko da… baina merezi izan du. Begira nola ibili diren!!!

Aurten ere, bueltan gaude

Ireki ditugu ikastetxeetako ateak eta bete dira berriro ikasgelak. Konturatzerako ikasturte berriko lehen hilabetea joan da eta eguraldiak laguntzen ez duen arren, pixkanaka udarako erritmoa atzean utzi eta errutinara itzuli gara.

Konpostagailuen lehenengo kontrola burutu dugu eta ikastetxe bakoitzeko egoera ezberdina da. Batzuk konpostagailuak hutsik dituzue eta lanean hasteko prest daude, beste batzuk, ordea, hustutzeko zain.

Kasua kasu, hasi gara ikasle berrientzako formakuntza saioak lotzen eta konpostagailuak hustutzeko datak jartzen. Hau abian da!